izateko arrazoiak

Hondakinen erabilera gure bizimoduaren isla da. Kontsumo-ohiturak, pertsonok gizarte-antolaketan dugun tokia, naturarekin dugun harremana, garapena ulertzeko modua… horiek denak agerian geratzen dira hondakinen kudeaketari erreparatuz gero. Eta, herritarron bizimoldeak ez ezik, erakunde publikoen jokabideak ere nabarmen azaltzen dira.

Azken urteotan bilakaera esanguratsua gertatu da Euskal Herrian. Gaiaren garrantziaz jabetu, eta gaur inork gutxik jartzen du zalantzan modu egokian kudeatu behar direla hondakinak. Herritarrok nahiz herri-erakundeok arduraz eta erantzukizunez jokatzera behartuta gaude.

Hori horrela, nabari da erakundeek beren diskurtsora ekarri dutela itxurazko terminologia eta hizkera zaindua: osasuna, ingurumena, ekonomia zirkularra… Denen ahotan dabiltza kontzeptu horiek. Hala ere, hitz huts horietatik harago, zoritxarrez, praktika oso bestelakoa da sarritan.

Euskal Herrian ez dago hondakinen kudeaketarako politika antolaturik, herrialde bakoitzak bere erara funtzionatzen du, eta etekin politikoa eta ekonomikoa atera nahi izan zaio konpromiso soziala eskatzen duen gai bati. Askotan erabaki eta jardun kontraesankorrak eta okerrak gailentzen dira, unean uneko bulkadei eta interes ekonomiko pribatuei men eginez.

Gaur egun, hondakinen legeriak ondo markatzen du zein printzipiok gidatu behar duten kudeaketa, besteak beste, argi azaltzen du tratamendurako hierarkiaren printzipioa, salneurrien eta tarifen politika, eta gardentasunaren irizpidea. Horiek aplikatu ezean, nahasgarriak, faltsuak eta kaltegarriak dira hitz eder zuriez betetako diskurtsoak.

Horien guztien aurrean, adierazpen hau sinatzen dugun Euskal Herriko udalok konpromiso erabatekoa adierazi nahi dugu hondakinen kudeaketa jasangarri eta arduratsuarekin, nola teorian hala praktikan. Hemen azaldutako ikuskera partekatzen dugun udalok elkartzea erabaki dugu, interes komunaren mesedetan lankidetza sustatzeko. Honako hauek dira geure egiten ditugun printzipioak, eta hala jakinarazten diogu iritzi publikoari.