EUSKAL HERRIKO EGOERA
Europak ezarritako helburuak ez dira aukerazkoak, bete beharrekoak dira. Eta bai al dakigu zein den Euskal Herriko egoera? Betetzen al ditugu helburu horiek?
Europako hainbat herrialdeetan gertatu den bezala, Euskal Herriak, txikia izan arren, eredu eta estrategia ezberdinak garatu izan ditu azken urte hauetan hondakinen kudeaketa eta tratamenduari dagokionez. Baina Europako zonalde batzuetan Europak ezarri dituen helburuak betetzen ari diren bitartean Euskal Herrian ez.
Azpimarratu behar da Ipar Euskal Herriko datuak ez ditugula bereizituak, Akitania guztiko datuak batzen baitituzte, beraz, ez ditugu lanean sartu. Beste lurraldeei dagokionez, aipatu behar dugu Europako Zuzentaraura egokitu beharko luketela gure lurraldeetako planek, baina oso egoera ezberdinak ditugu. Nafarroak beteko lituzke helburuak. Araba eta Gipuzkoa tramitatzen ari diren planak helburuak betetzeko ekintza estrategikoak zehazten dituzte nahiz eta zenbait kasutan zehaztasun askorik gabe. Bizkaiak plan baten beharra du, zaharkitua luzatuz ari baitira.
Egoera hau ikusirik, hainbat galdera sortzen zaizkigu. Zer dela eta ez ditugu Europako Zuzentarauak zehaztutako helburuak betetzeko gidalerroak zehazten? Zer egiten ari gara gaizki?
Egia da gauza on asko egin ditugula eta hobekuntzak somatzen ari garela. Baina orain arte, indarrak errefusa tratatzeko teknologia eta prozesua hobetzera jarri ditugu, errefusa kiloak murrizteko estrategiak garatu beharrean. Eta hori horrela izanda, zabortegietara edo errauskailuetara bideratzen ditugun hondakinen artean errekuperatu edo birziklatu daiteken hondakin asko joaten da. Eta hau bilketa sistema guztiekin gertatzen ari da.
Argi dago beraz, bereizketa hobetzen lan asko egiteko daukagula oraindik. Eta sortzen ditugun hondakinen zatirik handiena organikoa delarik, hor dago gakoa. Hauek hiri hondakinen %40 izanda, oso zaila daukagu Europar aginduak betetzea hauek era egoki eta bereizi batean ez baditugu kudeatzen. Azken urte hauetan hainbat ekimen, kanpaina eta proiektu garatuz joan dira baina soilik Gipuzkoan eta Nafarroan egin da hauen kudeaketa egokia bultzatzeko hautua. Eta horrek bere emaitzak ekarri ditu.