EUSKAL HERRIKO HONDAKINEN KUDEAKETAREN INGURUKO AZTERKETAREN EMAITZEN AURKEZPENA

HOBEKI ALBISTEAK

EUSKAL HERRIKO HONDAKINEN KUDEAKETAREN INGURUKO AZTERKETAREN EMAITZEN AURKEZPENA

HOBEKI ALBISTEAK

Eneritz Arbelaitz Hobekiko Lehendakaria eta Oiartzungo zinegotzia, Iñigo Gaztelu Hobekiko diruzaina eta Larrabetzuko alkatea eta Mattin Aldaia Hernaniko zinegotzia

Hobeki elkartea 2018ko ekainean aurkeztu genuen. Aurkezpenean esan bezala, hondakinen erabilera gure bizimoduaren isla da. Kontsumo ohiturak, pertsonok naturarekin dugun harremana, garapena ulertzeko modua… Eta, herritarron bizimoldeak ez ezik, erakunde publikoen jokabideak ere nabarmen eragiten du. Hobekiko kide garen herriok konpromiso erabatekoa dugu kudeaketa jasangarri eta arduratsuarekin eta arlo honetan eragin nahi dugu.
Bide horretan lanean hasi da dagoeneko Hobeki. Horretarako Euskal Herrian dagoen egoera aztertu nahi izan dugu. Ez dagoenez hondakinen kudeaketarako politika antolaturik, herrialde bakoitzaren egoeraren azterketa bat egin dugu, eta gaur azterketa horren inguruko lehen emaitzak aurkeztuko ditugu.
Gaiaren inguruan hitz egiten hasten garenean, ezinbestekoa da arazoaren muinera joatea. Hiri hondakin solidoen kudeaketaren inguruan gaur egun nagusi den eredua jasangaitza da, bere oinarria ekoiztu-erabili-bota ekoizpen mota linealean baitago. Eredu mota hauek ez dute uzten sistema naturaletan ematen den ziklo zirkularra errepikatzen, prozesura berriz itzultzea ekiditen dutelako.
Horregatik, gaur egungo gizartean ezinbestekoa da hondakina baliabide bezala ulertzea, ekoizpen sistema batera berritzuli daitekeen material bezala (Ellen MacArthur Foundation, 2015). Europar Batasuneko ildo estrategikoak baliabideen Europako efizientzi maila altuago bat lortzeko bidean ezarri dira. Honela, Europa eraginkor bat lortzeko ibilbide orria garatu zen, Europar Batasuneko Ingurumen arloan sortu zen Zazpigarren Ekintza Programa izeneko ekimenaren barruan. Bertan baliabideen aprobetxamendu eraginkor bat finkatzeko estrategiak definitzen dira, eta hondakinen kudeaketa eta prebentzioarekin batera, ekoizpenari eta hondakinen fluxuari buruzko araudi espezifikoa eta hauen kudeaketa eta eliminazioa ere zehazten dira.
Konkretuki, 2020ko Estrategian ondorengo beharrak finkatu ziren: “2020 urterako per capita sortzen den hondakin kantitatea murriztea, birziklatze eta berrerabiltze sistemak ekonomikoki bideragarriak izatea, bigarren mailako lehengaientzako merkatu funtzionalak sortzea, kalitate altuko birziklatze prozesuak bermatzea, energia berreskuratzeko sistemak birziklatu ezin diren materialetara mugatzea, zabortegietara bideratzen den hondakin metaketa ahal den heinean ezabatzea eta hondakinen baitako legedia bere osotasunean aplikatzea.” (“Europa 2020” Europako Komisioaren Jakinarazpena, 2010).
Era berean 2018ko udan publikatu zen Europako Hondakinen Zuzentarau berriak Europako estatu guztiek ondorengo helburuak betetzera behartzen dituena:
EUSKAL HERRIKO EGOERA
Europak ezarritako helburuak ez dira aukerazkoak, bete beharrekoak dira. Eta bai al dakigu zein den Euskal Herriko egoera? Betetzen al ditugu helburu horiek?
Europako hainbat herrialdeetan gertatu den bezala, Euskal Herriak, txikia izan arren, eredu eta estrategia ezberdinak garatu izan ditu azken urte hauetan hondakinen kudeaketa eta tratamenduari dagokionez. Baina Europako zonalde batzuetan Europak ezarri dituen helburuak betetzen ari diren bitartean Euskal Herrian ez.
Azpimarratu behar da Ipar Euskal Herriko datuak ez ditugula bereizituak, Akitania guztiko datuak batzen baitituzte, beraz, ez ditugu lanean sartu. Beste lurraldeei dagokionez, aipatu behar dugu Europako Zuzentaraura egokitu beharko luketela gure lurraldeetako planek, baina oso egoera ezberdinak ditugu. Nafarroak beteko lituzke helburuak. Araba eta Gipuzkoa tramitatzen ari diren planak helburuak betetzeko ekintza estrategikoak zehazten dituzte nahiz eta zenbait kasutan zehaztasun askorik gabe. Bizkaiak plan baten beharra du, zaharkitua luzatuz ari baitira.
Egoera hau ikusirik, hainbat galdera sortzen zaizkigu. Zer dela eta ez ditugu Europako Zuzentarauak zehaztutako helburuak betetzeko gidalerroak zehazten? Zer egiten ari gara gaizki?
Egia da gauza on asko egin ditugula eta hobekuntzak somatzen ari garela. Baina orain arte, indarrak errefusa tratatzeko teknologia eta prozesua hobetzera jarri ditugu, errefusa kiloak murrizteko estrategiak garatu beharrean. Eta hori horrela izanda, zabortegietara edo errauskailuetara bideratzen ditugun hondakinen artean errekuperatu edo birziklatu daiteken hondakin asko joaten da. Eta hau bilketa sistema guztiekin gertatzen ari da.
Argi dago beraz, bereizketa hobetzen lan asko egiteko daukagula oraindik. Eta sortzen ditugun hondakinen zatirik handiena organikoa delarik, hor dago gakoa. Hauek hiri hondakinen %40 izanda, oso zaila daukagu Europar aginduak betetzea hauek era egoki eta bereizi batean ez baditugu kudeatzen. Azken urte hauetan hainbat ekimen, kanpaina eta proiektu garatuz joan dira baina soilik Gipuzkoan eta Nafarroan egin da hauen kudeaketa egokia bultzatzeko hautua. Eta horrek bere emaitzak ekarri ditu.
Lan hau egiteko datuen bilketa lan zorrotza egin dugu. Aipatu behar da oso zaila dela datuak lortzea, eta zailagoa datuak konparatzea. Izan ere, lurralde bakoitzean datuak modu ezberdin batean ematen dira. Adibidez, Gipuzkoako gaikako bilketaren ehunekoa badugun arren, tratatutako hiri hondakin heze eta lehorren daturik ez daukagu (ikusi Gipuzkoako Hondakinen Behatokia). Nafarroako eta Arabako tratatutako hondakinen datu horiek badauzkagu, aldiz. Datuen arloari dagokionez, ezinbestekoa da hondakinen behatokia egotea, datuak modu bateratu batean emateko.
Egindako azterketaren txostenetik, beraz, ondorio nagusi hauek atera daitezke:
– Europak ezartzen dituen helburuak ez ditugu betetzen Euskal Herrian eta horretarako bitartekoak landu beharra dago.
o Errefusarekin material birziklagarria jasotzen da eta gainera errefusa murrizteko politika zehatzak zeharka aipatzen dira lurralde bakoitzak dituen plan estrategikoetan.
o Organikoa bereizi eta egoki kudeatzea oinarrizkoa da Europako neurriak betetzeko.
Bukatzeko eta ondorio nagusi hauek aurkeztuta, aurrerantzean Hobekik azterketa honen arabera egingo du lan.
Gogorarazi nahi dugu Hobeki elkartea Euskal Herriko hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko Toki-erakundeen elkartea denez, aurrerantzean jardunbide egokiak proposatzen eta zabaltzen jardungo duela. Bide horretan gure printzipioekin bat egiten duen tokiko erakundeekin lanean jarraituko dugu. Ikuskera honekin bat egiten dugunon artean elkartu eta interes komunaren mesedetan lankidetza sustatzen jarrituko dugu eta hala adierazi nahi diogu iritzi publikoari.
2019-02-28